date
stringdate
2012-09-20 00:00:00
2023-12-01 00:00:00
url
stringlengths
47
182
category
stringclasses
10 values
title
stringlengths
3
140
subtitle
stringlengths
0
1.17k
summary
stringlengths
5
1.18k
text
stringlengths
2
35.8k
2023-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/234569/eh-bilduk-berretsi-du-pedro-sanchezen-alde-bozkatuko-duela-inbestidura-saioan.htm
Politika
EH Bilduk berretsi du Pedro Sanchezen alde bozkatuko duela inbestidura saioan
Hiru ardatz zehaztu dituzte legealdirako: nazio auzia, eskubide sozialak eta gatazkaren konponbidea. Otegik esan du EH Bildu oraindik ez dela hasi leheendakarigaia aukeratzeko prozesuarekin.
EH Bilduk berretsi du Pedro Sanchezen alde bozkatuko duela inbestidura saioan. Hiru ardatz zehaztu dituzte legealdirako: nazio auzia, eskubide sozialak eta gatazkaren konponbidea. Otegik esan du EH Bildu oraindik ez dela hasi leheendakarigaia aukeratzeko prozesuarekin.
Gero eta gertuago dago Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen inbestidura saioa. Eta horixe izan du EH Bilduko zuzendaritzak hizpide gaurko mahai politikoan. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak beren jarrera berretsi du, bilera emaitutakoan Donostiako egoitzan egin duen agerraldian: EH Bilduko sei diputatuek Sanchezen aldeko botoa emango dute. Haren esanetan, herritarren hitza errespetatuko dute horrela, hautetsontzietan agindu baitzieten Espainiako Gobernuan ezin zela eskuin muturra egon. Nabarmendu du «baikorra» dela, uste duela inbestidura egongo dela eta legealdia «oso inportantea» izango dela Euskal Herriarentzat. Baina zertarako Sanchezen bigarren legealdia? Otegik hiru ardatz zehaztu ditu: nazio auzia, eskubide sozialak eta bakea eta elkarbizitza. Haren esanetan, Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuan EH Bilduk izan duen bozeramaileak Sanchezen lehen inbestidura saioan markatu zituen berberak dira. Lehenengoari dagokionez, esan du «pozten dela» nazio auziaz eztabaidatu beharko delako: «Arazo nazionala mahai gainean egongo da, plurinazionalitatea mahai gainean egongo da eta pozten gara, aspaldiko partez halako eztabaida bat egin beharko delako, anbizio guztiarekin». Halere, aitortu du gaur-gaurkoz ez dutela Sanchezen konpromisorik jaso horretarako. Halaber, gaineratu du «askotan» nazio aitortza eta plurinazionalitatea «termino identitarioetan» egiten dela. Baina: «Aitortzak badu esparru sozial bat ere». Hala azaldu du: «Hemen gehiengo sindikal desberdin bat dago, beste bizi baldintza batzuk daude eta horiek ere arazo nazionala dira, termino sozialetan dekodifikatuak». Azkenik, gatazkaren konponbideari dagokionean, nabarmendu du «bakearen eta elkarbizitzaren bidea» urratzen jarraitu beharra daukatela: «Asko oztopoak jartzen saiatzen ari badira ere, bide horretan pausoak ematen jarraitu behar da». Lehendakarigaia zalantzan Sanchezen inbestidura ez da izan Otegiren hizpide bakarra. Kazetarien galderei erantzunez, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeez ere aritu da, zehazki, EH Bilduren hautagaiaz. Otegiren esanetan, oraindik ez dute hasi lehendakarigaia aukeratzeko prozesua. Baina ulertzen ditu «espekulazioak»: «Ez egin kasu espekulazioei; espekulazioak espekulazioak dira. Guk ulertzen dugu espekulazio hori egotea, segur aski mundu guztiak pentsatzen duelako Euskal Herria Bilduk izendatzen duen hautagaia izango dela bozkatuena».
2023-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/234570/skolae-2028ra-arte-hedatzeko-plana-aurkeztu-du-nafarroako-gobernuak.htm
Gizartea
Skolae 2028ra arte hedatzeko plana aurkeztu du Nafarroako Gobernuak
Ikastetxeen %87tan ezarria dago hezkidetza programa hori. Lehen aldiz, ebaluazioa eginen dute 114 zentrotan.
Skolae 2028ra arte hedatzeko plana aurkeztu du Nafarroako Gobernuak. Ikastetxeen %87tan ezarria dago hezkidetza programa hori. Lehen aldiz, ebaluazioa eginen dute 114 zentrotan.
Skolae hezkidetza programari eusteko eta hura ikastetxe are gehiagotara zabaltzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Gaur aurkeztu dute 2024-2028ko aldirako hezkidetza plana, eta, bertan azaldu dutenez, urrats gehiago egin nahi dituzte «indarkeria sexista ororen aurka prebenituko duen eta genero arrakalak erauziko dituen eskola eredu bat» bermatzeko bidean. Planaren nondik norakoak aletu dituzte Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok, Hezkuntzako zuzendari nagusi Gil Sevillanok eta Hezkuntza Departamentuko Berdintasun eta Bizikidetza ataleko buru Itziar Irazabalek. Aurreko planen ildo estrategikoetan sakontzeaz gain, 2024-2028ko proiektuaren sustatzaileek azpimarra jarri dute, batetik, ikasgelan antzemandako indarkeria matxista mota ororen «prebentzioan, detekzioan eta esku hartzean»; eta, bestetik, planaren beraren ebaluazioan. Izan ere, datorren ikasturtean, Skolaeren ziklo osoa bukatuko dute Nafarroako 114 ikastetxetan. Programaren ibilbidea eta helburuen betetze maila aztertu nahi dituzte, lehen aldiz. Azaroaren 19ra arte, planaren zirriborroa ikusgai izanen da Nafarroako Gobernuaren gardentasun atarian, eta edonork aukera izanen du ekarpenak egiteko. Epe hori igarota, txosten bat eta memoria bat onduko dituzte, eta, behin betiko testua idatzita, Nafarroako Eskola Kontseilura igorriko dute, onespena eman diezaion. Plana ontzeko garaian, «Hezkuntza Sailaren hezkidetzako prestakuntza prozesuan lan egiten duten 70 tutore baino gehiagoren laguntza» izan dutela nabarmendu du Gimenok. «72/2021 foru dekretuan ezarria dago hezkidetza ikastetxe eta ziklo guztietara zabaltzeko beharra, eta horretarako garatu dugu plan hau».
2023-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/234571/berrikuntzaren-arloko-inbertsioa-105-handitu-zen-2021ean-araban-bizkaian-eta-gipuzkoan.htm
Ekonomia
Berrikuntzaren arloko inbertsioa %10,5 handitu zen 2021ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Innobasquek 2021eko datuak jasotzen dituen txostena aurkeztu du. Argitalpen kopuruak gora egin zuen, baita patente eskaerenak ere. Enpresen %40,5 berritzaileak dira.
Berrikuntzaren arloko inbertsioa %10,5 handitu zen 2021ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Innobasquek 2021eko datuak jasotzen dituen txostena aurkeztu du. Argitalpen kopuruak gora egin zuen, baita patente eskaerenak ere. Enpresen %40,5 berritzaileak dira.
«Datu historikoa da», ohartarazi du gaur goizean Manuel Salaberria Innobasqueko presidenteak, Berrikuntzaren Innobasque Txostena 2023 ikerketaren aurkezpenean. Datu honi egin dio erreferentzia: 2021ean, 1.647 milioi euro inbertitu ziren berrikuntzan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko urtean baino %10,5 gehiago. Inbertsio horren erdia baino gehiago enpresa pribatuek egin zuten: %57; eta %33 erakunde publikoek. Bi urtean behin lantzen du txostena Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak. Hain zuzen, laugarren azterketa aurkeztu dute gaur, 2021eko datuekin osatua. Salaberriaren arabera, EAEko «berrikuntzaren egoera, bilakaera eta aurrerapena» islatu ditu ikerketak: «Agerian utzi du berrikuntzak dinamismo handia duela orain Euskadin». Izan ere, adierazi du 2021eko inbertsio hori barne produktu gordinaren %2,32 izan zela Espainiako Estatistika Institutuaren arabera; eta Eustaten arabera, berriz, BPGaren %2,11. Are, inbertsioak gora egingo duela aurreikusi dute: espero dute 2022an 1.768 milioikoa izatea inbertsioa, eta 2023an 1.895 milioikoa. Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak berretsi du datuek «goranzko joera» erakusten dutela 2016az geroztik. Eta gehitu du EAEk errendimendua hobetu duela, Europako Batasunaren batezbestekoarekin alderatuta. «239 eskualde daude Eskualdeen Berrikuntza Adierazleen Europako Koadroan; Euskadi 93. posiziotik 72.era igo da», azaldu du. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko sailburuak ontzat hartu ditu datuok, eta bide horretan jarraitzeko beharra nabarmendu: «Berrikuntza indartzen badugu, lehiakortasuna ere indartuko dugu. Berrikuntza eta lehiakortasuna gure bizi kalitateari lotuta daude: zenbat eta jasangarriagoak eta lehiakorragoak izan, gure bizi kalitatea orduan eta hobea izango da». Era berean, Iñigo Ucin Innobasqueko presidenteordeak eta Mondragon Korporazioko presidenteak esan du datuek erakutsi dutela COVID-19aren osteko erreakzioa «indartsua eta positiboa» izan dela: «Aurrerantzean ere lehiakorrak izateko eta Euskadin nahi dugun ongizateari eusteko irtenbide bakarra berrikuntza da». Beste datu batzuk ere aipatu ditu Bilbaok. Enpresei dagokienez, esan du EAEko enpresen %40,5 berritzaileak direla gaur egun. «Enpresa handien %76,6 berritzaileak dira, enpresa ertainen %60,4 eta enpresa txikien %35,9», zehaztu du. Eta Tapiak nabarmendu du, hain zuzen, «enpresa txiki, ertain eta handiei esker» lortu dutela Europako Batasunean posizio ona izatea. Argitalpen zientifikoek ere gora egin zuten 2021ean: 7.822 egin zituzten, aurreko urtean baino 169 gehiago. «Azken lau urteekin alderatuta, %17 egin dute gora argitalpenek», azaldu du Nuria Gisbert Innobasqueko presidenteordeak eta CIC Energiguneko zuzendari nagusiak. Nazioarteko lankidetzan egindako argitalpenak kontuan hartuz gero, EAEn milioi biztanleko 1.953 egin ziren, EBn baino %60,5 gehiago. Era berean, patenteen arloan EAEk murriztu egin du EBren batezbestekoarekin zuen aldea. «2021ean, Patenteen Europako Bulegoari 224 patente eskatu zitzaizkion; kopuru hori ere areagotuz doa, baina oraindik badaukagu hobetzeko marjina». Gisberten arabera, datuek «gaitasun zientifiko eta teknologikoa» eta «ezagutza sortzeko gaitasuna» erakusten dute: «Garrantzitsua da gure berrikuntza, zerbitzuak eta produktuak babesteko gai izatea, balioa eman ahal izateko». Salaberriak gogoratu du EAEko berrikuntza teknologian oinarrituta dagoela. Haren ustez, ona da hori, «lehiakortasun diferentziak» sustatzen dituelako. Hala ere, datuek erakutsi dute oraindik lana dagoela egiteko eta, horretarako, Salaberriak erronka batzuk jarri ditu: «Enpresa berritzaile gehiago izateko lanean jarraitu behar dugu, talentua atxiki eta egungo langileen prestakuntza areagotu». Profesionalak erakartzeko beharra Profesionalen kopuruak ere gora egin zuen 2021ean: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 20.800 behargin zeuden berrikuntzaren arloan; hau da, lanean ari ziren biztanleen %2 –2020an, %1,88 ziren–. Horietatik, %36,2 ziren emakumeak. «Andreen zenbatekoa pixka bat jaitsi zen», onartu du Bilbaok. Are, STEM (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) graduetan izena eman zuten ikasle kopurua ere areagotu zen: %28,8tik %29,7ra. Nahiz eta langile kopuruak gora egin, txostenaren aurkezpenean parte hartu duten kide guztiek azpimarratu dute ezinbestekoa dela profesionalak erakartzea. «Talentu eskasiari aurre egin behar diogu», esan du Salaberriak. Eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisarioak bat egin du harekin. Talentu zientifiko eta teknologikoa sustatzea jarri du helburutzat, eta horretarako, beharrekotzat jo du «talentua garatzea, erakartzea eta atxikitzea erraztuko duten faktore guztiak» indartzea. Tapiak esan du zientzian eta teknologian ez ezik enpresen arloan ere profesional gehiago behar direla. Eta esku artean duten «esperientzia pilotu» baten berri eman du: «Alderantzizko Global Training bat egin nahi dugu, profesionalki garatzera hona etorri nahi dutenak erakarri nahi ditugu; horretarako, enpresa batean kontratu bat eskaini nahi diegu, eta haien egonaldia erraztu».
2023-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/234572/torturaren-ukatzaile-gezurtiak.htm
Iritzia
Torturaren ukatzaile gezurtiak
Torturaren ukatzaile gezurtiak.
Buesa fundazioak antolaturiko jardunaldi batzuetan, Juan Luis Ibarra Roblesek begi bistan utzi du euskarafoboa dela. Gogor ekin baitio euskaldunen hizkuntza eskubideak murrizteko azken epaiak kritikatu dituztenen aurka. Esan du kritika horiek «ENAMek [epaileei] zilegitasuna kentzeko eginiko kanpainen oihartzuna» dutela, nabarmenduz kanpaina haiek «sufrimendua sozializatzeko estrategiaren barruan» egin zirela. Era berean, Kontseiluak deituriko protestak ere deitoratu ditu. Hala nola, uztailaren 13an hainbat herritako alkateek Auzitegi Nagusiak Bilbon duen egoitzan egindako protesta bilkura. Hori ere gogor kritikatu zuen, adieraziz «indarkeria politikoaren kulturak» epaileen aurka zabalduriko diskurtsoaren «oihartzuna» entzun zuela protesta hartan. Hainbat jende harritu egin da, Ibarra Roblesen hitzak ezin sinetsiz. Halako euskarafobiarik ez baitzuten nonbait espero. Ni neu, ordea, ez naiz batere harritu, ezagutzen bainuen jada nola jokatu zuen torturaren gaiari dagokionez. Juan Luis Ibarra Justizia eta Barne Ministerioan zuzendari nagusi zela, 1995ean, Espainiar Gobernuak Torturaren Prebentziorako Batzordeari (CPT) emandako erantzuna idazteko ardura izan zuen. Europako Kontseiluko erakunde ospetsua da CPT, eta, 1991n Espainiara egin zuen lehen bisitaz geroztik, inkomunikaturiko atxilotuen kasuan, hainbat prebentzio-neurri ezartzeko eskatu zien behin eta berriro espainiar agintariei. Neurri haien artean, betetzen errazena inkomunikatuta zegoen atxilotuaren senide bati zaintza-lekua jakinaraztea zen. Eta Ibarrak ezin zuenez esplikatu, atxiloketaren berria ezaguna izan ondoren, zergatik ez zuten esaten atxilotua non zegoen, gezurrari lotu zitzaion, lotsagabe. Honako hau erantzun zuen: «Ohiko praktika da atxiloketaren berri ematea senitartekoei, bai eta atxilotua non dagoen jakinaraztea ere». Gezur hutsa. Halaber, beste gezur handi hau ere idatzi zuen: «Neurri legal hori [zaintza-lekua senideei ez jakinaraztekoa], ez da ia erabiltzen; izan ere, neurri horren xedea indargabetu egiten baita zenbait komunikabidek atxilotutako pertsonen nortasuna ezagutarazten dutenean». Egia zen atxilotuen nortasuna ia beti oso azkar ezagutzen zela, baina gezur galanta neurri hori ia erabiltzen ez zela. CPTri emandako erantzun idatzi hartan, Ibarra Roblesek agindu zuen prebentzio-neurri hori «komunikaziorik gabeko atxiloketa bat publikoki ezaguna izan bezain laster» aplikatuko zela. Espainiar Gobernuak CPTri egindako beste hainbat promesa bezala, hura ere ez zuen batere bete. Espainiar epaileek torturatuen gain jarri izan dute beti frogaren zama guztia, nahiz eta ederki dakiten inkomunikazioak ia beti guztiz ezinezko egiten diela frogatzea zer gertatu zaien, eta hori behingoz konpondu beharreko injustizia itzela da. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landak aspaldi proposatu zuenari behingoz kasu eginez. Tortura eta tratu txarrak salatu dituztenei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jarriz. Hauek izan ziren Landaren hitzak: «Estatuak bere burua eraginkortasunez babesten duenez, bere jarduera kriminala konpentsatzeko beharrezkoa da, frogaren zamari dagokionez, inbertsio eraginkor bat ematea». Alegia, Estatuaren ezaugarriak kontuan hartuz, Estatuak berak egin behar diola aurre frogaren zamari eta ez haren biktimek. Jon Mirena Landak proposaturiko soluzioa izan zen «egiaren bilaketarako mekanismo proaktibo bat sortzea», azken hamarkada hauetan Euskal Herrian gertaturiko giza eskubideen urraketa guztiak argitzen saiatzeko, eta zer esanik ez torturarekin gertatua ikertzea izan beharko lukeela mekanismo horren zereginetako bat. Pako Etxeberriak gidatuta, Eusko Jaurlaritzarentzat egindako ikerketa pausu garrantzitsua izan zen zentzu horretan. Izan ere, frogaren zama tortura salatu dutenen gain jarri arren, oso modu egokian egin baitzuten, haien sinesgarritasuna Istanbuleko Protokoloaren bidez neurtuz. Hori bai, torturatuak izan direla salatu dutenen sinesgarritasuna neurtu ondoren, guztiz beharrezkoa da tortura ukatzen dutenena ere neurtzea. Horregatik da hain garrantzitsua exijitzea lehenbailehen osa dadin Jon Mirena Landak proposaturiko egia bilatzeko mekanismo proaktibo hori, torturaren ukazioa iker dezan eta milaka herritarrek behingoz jaso dezaten hain beharrezkoa duten egia, justizia eta erreparazioa, inoiz berriro halakorik gertatuko ez zaienaren bermearekin. Hasteko, iker beza Juan Luis Ibarra Roblesek 1995ean CPTri eman zion idatzizko erantzuna eta bertan erabili zituen gezur guztiak. Tortura ukatzen dutenen artean, Ibarra Roblesek ohorezko lekua merezi baitu. Euskarafoboen artean ere bai. Torturaren biktimei ez ezik euskarari ere sekulako mespretxua baitio. Juan Luis Ibarra Estatuko goi-mailetan egondako torturaren ukatzaile nabarmena izan da. Horregatik ez nau batere harritu bera izatea, hain zuzen, euskararen erabilera hirugarren mailako hizkuntza batera murriztuz kaltetzen duten erabaki judizialei egindako kritiken kontra hain gogor egin duena. Horra hor torturaren ukatzaile gezurti bat, haren biktimak beti hirugarren mailakotzat hartu dituena eta Estatuko biktimekiko beti izan duen mespretxu bera euskararekiko erakutsi duena. Azkenean, bere benetako aurpegia erakutsi du. Ez ditu soilik torturaren biktimak mespretxatzen. Euskararen erabilera kaltetzen duten zenbait epaien aurrean haserre handia agertu dutenak ere mespretxatzen ditu. Torturaren biktimak eta euskara hirugarren kategoriako biktimatzat baititu.
2023-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/234573/petronorrek-auzitan-jarri-ditu-bi-inbertsio-bizkaian.htm
Ekonomia
Petronorrek auzitan jarri ditu bi inbertsio Bizkaian
PSOE-Sumar gobernurako itunak luzatu egin nahi du energia enpresen gaineko zerga berezia, eta horrek inbertsioak kanporatu eta izoztu ditzakeela ohartarazi dute Repsoleko buruek.
Petronorrek auzitan jarri ditu bi inbertsio Bizkaian. PSOE-Sumar gobernurako itunak luzatu egin nahi du energia enpresen gaineko zerga berezia, eta horrek inbertsioak kanporatu eta izoztu ditzakeela ohartarazi dute Repsoleko buruek.
Repsolek eta haren filial Petronorrek gogortu egin dute Pedro Sanchezen aurkako presioa. Inbestidura lortuz gero, bankuen eta energia konpainien gaineko zerga berezia luzatu egingo duela hitzartu dute Espainiako jarduneko presidenteak eta Yolanda Diazen Sumarreko buruak. Balizko luzapen horren aurka ozenki mintzatu zen joan den astean Josu Jon Imaz Repsoleko presidenteak, eta taldeak inbertsio batzuk «Espainiatik kanpo» egitea edo izoztea eragin zezakeela abisatu zuen. Inbertsio horietako biri izena jarri die gaur Emiliano Lopez Atxurra Petronorreko presidente eta Repsoleko kontseilariak —Petronorren %86 da Repsolena—: Bilboko portuan egitekoa den erregai sintetikoen lantegia eta Muskizko findegian energia berriztagarriekin hidrogenoa sortzeko planta (H24All). Lopez Atxurraren arabera, bi proiektu horiek stand by egoeran edo izoztuta geratuko dira «araudi egonkorra» ez badago. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Petronorreko presidenteak ziurtatu du zergak «beharrezkoak» direla «herritarrei ongizatea bermatzeko», eta aldarrikatu du bere enpresak 2019-2022 epean 3.000 milioi euro ordaindu dizkiola Bizkaiko Ogasunari eta beste 2.000 Espainiakoari. Baina, haren arabera, zergek ezin dituzte enpresa zehatz batzuk «zigortu», kasu honetan petrolio eta gas enpresak. Zigor «ideologikoak» izango lirateke, eta «teknikoki bidegabeak», sektorea diru asko inbertitzen ari delako energia trantsizioan. Hain zuzen ere, molde horretakoak dira zergaren ondorioz Repsolek izoztu ditzakeen proiektuak. Hidrogenoari dagokionez, duela aste gutxi piztu zuen egunean tona bat hidrogeno ekoizteko gai den elektrolizatzailea, Muskizko findegian. Gailu txikia da, esperimentu bat azken finean, eta beste bi handiago egiteko asmoa dauka: 2025erako hamar MWhko bat martxan jartzeko lanak abiarazi ditu, eta ondoren etorriko litzateke 100 MWhko beste bat . Azken horrek hornitu behar du findegia, eta hori, hain zuzen, orain izoztuta gera daitekeena. Bilboko portuan erregai sintetikoak sortzeko eta probatzeko lantegi txiki bat eraikitzen ari da Petronor, baina haren segida erregai sintetikoak industrialki ekoizteko lantegi bat da. «Logikoki», izoztuta geratuko da zerga luzatuz gero.
2023-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/234574/gabriel-aresti-frankismoaren-biktima-gisa-aitortu-du-espainiako-gobernuak.htm
Gizartea
Gabriel Aresti frankismoaren biktima gisa aitortu du Espainiako Gobernuak
Hamazortzi erreparazio eta aitortza pertsonal egin dituzte.
Gabriel Aresti frankismoaren biktima gisa aitortu du Espainiako Gobernuak. Hamazortzi erreparazio eta aitortza pertsonal egin dituzte.
1936ko gerran, estatu kolpean eta frankismoaren diktaduran errepresioa jasandako hamazortzi laguni erreparazioa eta aitortza eman die gaur Espainiako Gobernuak. Haien artean da Gabriel Aresti idazle bilbotarra (1933-1975): euskaraz aritzeagatik jasandako errepresioa aitortu dute. Memoria historikoaren legearen barruan egin dute ekitaldia; legeak jaso duenez, bihar izango da omenaldi eta oroitzapen eguna. Espainiako Estatuaren izenean, Pedro Sanchez gobernuko jarduneko presidenteak eta Felix Bolaños Lehendakaritzako, Gorteekiko Harremanetarako eta Memoria Demokratikoko jarduneko ministroak egin dituzte aitortzak: erreparazio adierazpen bana entregatu diete. Orain urte bete indarrean sartu zen memoriaren legeari jarraikiz, «beren hildakoak lurperatu ezin» izan zituztenak, «ondasunak konfiskatu» zizkietenak eta «lanpostuetan araztu» zituztenak omendu dituzte. Sanchez jarduneko presidenteak onartu du «oso berandu» doazela memoria politikekin. Omenduen artean daude idazle eta pentsalariak, LGTBI kolektiboko ordezkariak eta garai hartan ardura politikoak izandako edo erresistentzian aritutako pertsonak. Hamazortzi erreparazio adierazpenetatik bat taldekakoa da: frankismoan espetxeratutako CCOO sindikatuko zuzendaritzarentzat, hain zuzen. Gabriel Arestirekin batera, badira katalana eta galiziera indartzeko lan egin zuten aktibistak ere. Arestiri aitortza Aitortza jaso dutenen artean dago Gabriel Aresti Segurola, euskal literaturaren berritzailea, euskara batuaren sustatzailea eta erreferentziazko poeta. Haren lanak garrantzi handia hartu zuen frankismoaren aurka eta frankismoak eraikitako gizarte moldeen aurka. Aresti ezaguna da 1960ko eta 1970eko hamarkadan idatzi zuen kutsu sozialeko poesiagatik. Haren lanik esanguratsuenak dira Maldan behera (1960), Zuzenbide debekatua (1961), Harri eta Herri (1964) eta Euskal Harria (1967). Lan horietako batzuek zentsura jasan zuten.
2023-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/234575/kutxabankek-eta-elkargik-enpresetan-luzera-begira-inbertitzeko-funts-bat-sortu-dute.htm
Ekonomia
Kutxabankek eta Elkargik enpresetan luzera begira inbertitzeko funts bat sortu dute
Bidegiñ funtsean 200 milioi euroren aurrezkia bildu nahi dute, bost urtean hogeiren bat enpresatan inbertitzeko.
Kutxabankek eta Elkargik enpresetan luzera begira inbertitzeko funts bat sortu dute. Bidegiñ funtsean 200 milioi euroren aurrezkia bildu nahi dute, bost urtean hogeiren bat enpresatan inbertitzeko.
Bertako enpresak garatzeko nahiko inbertsio ez daudelako kexu direnei irtenbide bat eman nahi izan diete Kutxabank taldeak eta Elkargik. Bidegiñ izeneko inbertsio funts bat sortu dute; hor bilduko duten aurreztaileen dirua, eta enpresa txikietan eta ertainetan inbertitzeko erabiliko dute. Urtearen amaieran jaulkiko dute Bidegiñ, eta datorren urtearen hasieran egin nahi ditu lehen inbertsioak. Bultzatzaileek azaldu dutenez, sektore guztietako enpresak izango dira, baina zenbait baldintza bete beharko dituzte: hiru milioi eurotik gorako kapitala izatea, hazkunde prozesuan egotea, eta zor txikia izatea. 200 milioi euroraino bildu nahi dituzte, eta bost urtean hogeiren bat enpresatan inbertituko dute. Luzera begirako inbertsioak izango dira, gutxienez bost urtez eta gehienez hamabost urtez enpresaren kapitalean geratzeko konpromisoa izango duelako Bidegiñ funtsak. Kutxabank taldeak eta Elkargik ziurtatu dute beren eragin esparruan egingo direla inbertsioak. Hau da, nagusiki Hego Euskal Herrian, Madrilen, Katalunian eta Andaluzian egingo dituztela, hor biltzen baititu Kutxabankek bulego gehienak. Hazkunde prozesuan dauden enpresak bilatuko dituzte, baina baita oinordekotza arazoak dituzten familia enpresak ere.
2023-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/234576/dusko-ivanovic-baskoniara-itzuli-da.htm
Kirola
Dusko Ivanovic Baskoniara itzuli da
Baskoniak Joan Peñarroya kargugabetu du, eta haren lekua Dusko Ivanovicek hartuko du. Entrenatzaile montenegroarrak laugarren etapa izango du Gasteizko taldean
Dusko Ivanovic Baskoniara itzuli da. Baskoniak Joan Peñarroya kargugabetu du, eta haren lekua Dusko Ivanovicek hartuko du. Entrenatzaile montenegroarrak laugarren etapa izango du Gasteizko taldean
Baskoniaren historiako entrenatzaileetatik gehien ohoratua izan denak etapa berri bat biziko du urdin-zurien aulkian. Dusko Ivanovic Gasteizera itzuli da Baskoniaren entrenatzaile berria izateko, eta taldea gidatuko du denboraldia amaitu arte. Belgradeko Izar Gorritik dator Balkanetako prestatzailea, eta ezaguna da haren eskarmentu handia, bai Euroligan, bai ACB Ligan. Denboraldi hasierako emaitza txarrek Joan Peñarroyaren kargugabetzea behartu dute, eta Gasteizko taldeak Buesan oso ezaguna den entrenatzailearengan jarria du esperantza. Duskorekin, Baskoniak 3 ACB Liga, 4 Errege Kopa eta Superkopa bat irabazi ditu. Emaitza txarrak ez dira kasualitate izan. Neurri batean, taldearen osaketa okerragatik, eta Darius Thompson jokalari garrantzitsuen irteera dela-eta, ez da erraza izan Peñarroyaren lana, eta horri gehitu behar zaio ez dutela topatu merkatuan maila handiko jokalaririk. Horrekin batera, lesioek eragina izan dute taldean, eta azken joan-etorrietan, Atenasen, eta asteburu honetan Andorran, zortzi fitxa baino ezin izan dituzte aurkeztu. Egoera zail horietan, taldearen dinamika aldatzen saiatzeko piezarik errazena zen entrenatzailearena. Ivanovic datozen orduetan aurkeztuko dute, eta Baskoniako entrenatzaile gisa bere lehen lan saioa zuzenduko du. Lehen partida ostiralean izango du Buesa Arenan (20:30), Belgradeko Partizan taldearen aurka.
2023-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/234577/urdaibaiko-guggenheimen-aurka-egiteko-babesak-bildu-dituzte.htm
Kultura
Urdaibaiko Guggenheimen aurka egiteko babesak bildu dituzte
Larunbatean jendetza elkartu zen makroproiektuaren aurkako manifestazioan, Gernika-Lumon. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Busturialdeko udaletan mozioak aurkezteko urratsa egin nahi du.
Urdaibaiko Guggenheimen aurka egiteko babesak bildu dituzte. Larunbatean jendetza elkartu zen makroproiektuaren aurkako manifestazioan, Gernika-Lumon. Guggenheim Urdaibai Stop plataformak Busturialdeko udaletan mozioak aurkezteko urratsa egin nahi du.
«Urdaibaiko Guggenheim proiektuak ez du Busturialdean kabidarik. Eskualdeak bere beharrizan propioak ditu, eta seriotasunez erantzun behar zaie. Ezin dira Bilboko Guggenheim museoak dituen beharrekin estali, eta hori egiten ari dira». Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideak larunbatean Gernika-Lumon (Bizkaia) egin zuten manifestazioa ontzat jo du; jendetza elkartu zen, eta herritarren aldarrikapena «ozen eta argi» entzun zen. Busturialdearen etorkizunaren defentsan, Guggenheim Urdaibai Stop zioen mobilizazioaren aurrealdean erakutsitako pankartak. Gotxik azaldu duenez, hiru aste eman dituzte atxikimenduak biltzen, eta, ugariak zirela ikusita, espero zuten manifestazio «inportantea» izatea. Pozik agertu da «prozesuarekin eta emaitzarekin». Plataformaren aldarrikapenei babesa adierazi diete hainbat erakunde ekologistak, baita dozenaka kolektibok eta norbanakok ere. Besteak beste, Gernika-Lumon izan ziren EH Bilduko ordezkari ugari, baita Elkarrekin Podemosekoak ere. Horien babesa nabarmendu du Gotxik, «ate batzuk» zabalduko dizkielako. «Jarraituko dugu hitzaldiak ematen, ibilaldi gidatuak antolatzen, sinadurak biltzen... baina larunbateko manifestazioari esker ireki zaizkigun bideak ere esploratu nahi ditugu aurrerantzean». Adibidez, Busturialdeko udaletan mozioak aurkezteko urratsa egin nahi dutela aurreratu du: «Jakin nahi dugu udal bakoitzaren jarrera zein den proiektu honekiko». Zirriborroaren arabera, 130 milioi euro inguruko aurrekontua izango luke Bilboko Guggenheim Urdaibaira hedatzeko prozesuak. Horietatik 40 milioi Podemosek ere osatzen duen Espainiako Gobernuak jarriko ditu; zehazki, PSOEren eskuetan dagoen Trantsizio Ekologikorako Ministerioak. Horren inguruan galdetuta, Gotxik argi utzi du plataformak ezin diola kritikarik egin Podemosi. Pozik agertu da Elkarrekin Podemosen babesa jaso dutelako: «Espainiako Gobernuan Podemos dago, bai; Euskadiko Podemosek atxikimendua eman digu, bai; eta oso pozik gaude horregatik. Azkenean, guk ez dakigu zenbat eragin izan dezaketen erabaki horretan. Plataforma moduan ez dugu esateko ezer». Hasieratik sortu du harrabotsa Urdaibaiko Guggenheim proiektuak, baina, hala ere, aurrera doa pixkanaka. 60.000 metro koadroko eremua izango da, bi eraikinetan banatuta: Gernika-Lumon egongo da bata, eta Muruetan (Bizkaia) bestea. New Yorkeko Cooper Robertson arkitektura estudioa ari da egitasmoa osatzen. Bost urte iraungo lukete lanek, eta urtean 140.000 bisitari jasotzea espero dute. Ikusi gehiago: Guggenheim Urdaibai proiektua: kostaldean atzapar pelagikorik ez
2023-10-30
https://www.berria.eus/albisteak/234578/instagramek-eta-facebookek-publizitaterik-gabeko-harpidetza-eskainiko-dute.htm
Ekonomia
Instagramek eta Facebookek publizitaterik gabeko harpidetza eskainiko dute
Azarotik aurrera eskainiko du horretarako aukera; hilabete horretara arte zuen, datuen babesaren auziari irtenbidea emateko. Harpidetza sistema eskaintzea gomendatu zion EBko Justizia Auzitegiak, uztailean.
Instagramek eta Facebookek publizitaterik gabeko harpidetza eskainiko dute. Azarotik aurrera eskainiko du horretarako aukera; hilabete horretara arte zuen, datuen babesaren auziari irtenbidea emateko. Harpidetza sistema eskaintzea gomendatu zion EBko Justizia Auzitegiak, uztailean.
Doakoak izan dira oraintsu arte munduan gehien erabili diren sare sozialak. Apurka-apurka, ordea, ordainpeko bihurtzen ari dira, abantaila batzuen truke. Meta taldea izan da azkena hori egiten; Instagramen eta Facebooken jabe da. Urriaren hasieran aurreratu zuten hainbat egunkarik, eta gaur iragarri du Metak harpidetza eskainiko duela erabiltzaileek publizitate pertsonalizaturik ez jasotzearen ordez. Europako Batasuneko herrialdeetan izango da, baita Europako Merkataritza Libreko Erkidegokoetan ere —Islandia, Liechtenstein, Norvegia eta Suitza—. Azarotik aurrera gehituko dute harpidetzeko aukera. Bi tarifa ezarri ditu Metak: ordenagailutik harpidetuz gero, 9,99 euro ordaindu beharko da hilero; mugikorretik harpidetuz gero, berriz, 12,99 euro —gehiago kobratzen dute, Appleren eta Googleren erosketa politikak direla eta—. Horiek kontratatzeko, gutxienez 18 urte izatea eskatuko da. Heldu den urteko otsailera arte eutsiko die tarifa horiei. Martxotik aurrera, norberak duen kontu bakoitzeko 6-8 euro gehiago ordaindu beharko da, kontuan izanda zein gailutatik egiten den harpidetza. Adibidez, profil pertsonala eta profesionala dutenek aukera izango dute bietan kentzeko publizitatea. Beraz, ordura arte, nahikoa izango da oinarrizko harpidetza izatea horretarako. Europako arauak «betetzeko» iragarri ditu Metak publizitaterik gabeko harpidetzak. Urte hasieran, Datuen Babeserako Irlandako Batzordeak 390 milioi euroren isuna jarri zion taldeari —Metak Irlandan du Europarako egoitza fiskala—. Europako Batasunean 2018an jarri zen indarrean datuen babeserako araudi orokorra. Horren barruan, erabiltzaileei datu pertsonalak prozesatzeko eskubidea ematea sartu zuten baldintza gisa. EBko Justizia Auzitegiaren ebazpenaren arabera, Metak ezin zuen justifikatu datu pertsonalak erabiltzea publizitate pertsonalizatua egiteko. Ontzat jo zuen, bada, harpidetza sistema eskaintzea publizitate mota hori ez jasotzeko. Erabaki hori hartzeko, Metak azaroaren amaierara arteko tartea zuen, eta orain hartu du erabakia. Harpidetza ordaindu ezean, Metak ziurtatu du erabiltzaileek orain arteko esperientzia bera izango dutela. «Beren publizitate esperientzia kontrolatzeko sortu ditugun tresna eta ezarpenetan oinarrituko da», esan du taldeak. Beste sare sozialak ere bai Tiktok ere hasi da lehen pausoak ematen publizitaterik gabeko harpidetzen inguruan. Urriaren hasieran baieztatu zuen herrialde jakin batean eskaini zutela hori, 4,99 dolarren truke (4,71 euro). Probak egiten ari da, eta oraindik ez dago argi erabiltzaile guztiei emango dien harpidetzeko aukera. X da bira erdia eman duen sare soziala: duela urtebete erosi zuen Elon Muskek, eta, ordutik hona, hainbat aldaketa egin ditu—izena bera, esate baterako—. Hiru maila eskaintzen ditu. Oinarrizkoenean aukera ematen du: txioak editatzeko, txio luzeagoak idazteko, bideo luzeagoak argitaratzeko, besteak beste. Zenbat eta gehiago ordaindu, abantaila gehiago: norberaren txioetan agertzen den publizitatearen bidez irabaziak lortzeko aukera, publizitate gutxiago edo publizitaterik ez ikusteko aukera...
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234607/energiaren-euskal-erakundea-energia-konpainien-zergaren-aurka.htm
Ekonomia
Energiaren Euskal Erakundea, energia konpainien zergaren aurka
Iñigo Ansola zuzendariaren ustez, EAJk Sanchezen gobernua babestea «baldintzatu» beharko luke. LABek dio Jaurlaritza enpresen alde jokatzen ari dela.
Energiaren Euskal Erakundea, energia konpainien zergaren aurka. Iñigo Ansola zuzendariaren ustez, EAJk Sanchezen gobernua babestea «baldintzatu» beharko luke. LABek dio Jaurlaritza enpresen alde jokatzen ari dela.
Repsoleko eta Petronorreko presidenteek esandakoak «erabat» babestu ditu Iñigo Ansolak EEE Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak: Espainiako Gobernuak energia konpainiei ezarritako zerga berezia kritikatu du, eta azpimarratu enpresek erregulazio edo arau esparru egonkor bat behar dutela. «Enpresentzat egonkortasuna beharrezkoa da inbertsioak egiteko. Hainbat urte daramatzagu erregulazioa aldatzen, eta ezin dugu horrela jokatu». Ansolak ohartarazi du Repsol eta Petronor enpresek nekez inbertituko dutela deskarbonizazioan egonkortasunik ez badago. «Ez gara ari 100.000 euroz, ezta 200.000 euroz ere, ehunka milioi euroz ari gara». Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, EEEko burua kezkatuta agertu da, Bizkaian egin asmo dituzten zenbait inbertsio eteteko asmoa agertu duelako Petronorrek. Ansolaren arabera, «asko dago jokoan»; gogorarazi du Petronorrek Bizkaian duela egoitza soziala —Repsolen filiala da Petronor—, eta foru ogasunak «milaka milioi euro» jasotzen dituela horregatik. «Diru sarrera horiei esker, ditugun kalitatezko zerbitzuak ditugu». EEEko zuzendariaren esanetan, «pozgarria» da enpresak batek irabaziak izatea, «horrek esan nahi duelako inbertsio berriak egiteko gai izango dela eta aberastasuna eta lanpostu asko sortzeko gaitasuna izango duela». Espainiako Gobernuak energia konpainiei zerga berezia ezarri zien iaz, behin-behinean, Ukrainako gerraren eraginez izaten ari diren ezohiko irabaziak ikusita, eta inflazio handiari aurre egiteko neurriak finantzatzeko. Pedro Sanchezen inbestidurari begira, PSOEk eta Sumarrek eginiko gobernu akordioan zerga horrekin jarraitzeko konpromisoa agertu dute. Ansolaren iritzian, EAJk Sanchezen gobernua babestea «baldintzatu» beharko luke. Zerga ezarri zenean, jeltzaleak abstenitu egin ziren; inbestidurarako aldeko botoa beharko luke Sanchezek. EEEko buruaren ustez, halaber, egoera ekonomikoa ere aldatu da. «Aztertu beharko litzateke aparteko mozkinen aldian gauden ala ez, eta nolako zergak ezarri nahi dizkiegun sektore batzuei. Galdera hau egiten diot neure buruari: zergatik bankuei eta energia konpainiei, eta ez irabaziak izaten ari diren beste sektore batzuei?». «Mehatxua», LABentzat LABek «mehatxutzat» jo ditu energia enpresa handietako buruzagien adierazpenak, eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du, haien alde agertu delako. «konomiaren Garapenerako sailburu] Arantxa Tapia buru, Iñigo Urkulluren gobernuaren eta patronalaren arteko aliantza bat dago; biek langileen aurkako estrategia berari erantzuten diote». Sindikatuaren ustez, azken egunotan esandakoek erakusten dute Jaurlaritzaren trantsizio energetikorako estrategiak porrot egin duela. Azpimarratu du hori «lobby fosilak» nahi duen bezala jokatzera mugatzen dela, enpresa handiek nahi dituzten baldintza legal eta fiskalak sortuz eta haien proiektuetan diru publikoa inbertituz. LABen iritzian, «sakoneko erreforma fiskal bat» behar da, «modu progresiboan inoizko etekin handienak izan dituzten kapitalek inoiz baino ekarpen handiagoa egin dezaten eta aberastasuna modu orekatuagoan banatu dadin».
2023-11-1
https://www.berria.eus/albisteak/234608/bueltan-da-esneki-gazta-eta-esnekien-azoka-berezia.htm
albisteak
Bueltan da ESNEKI, gazta eta esnekien azoka berezia
Azaroaren 3 eta 4an gazta eta esnekien inguruko azokaren bigarren edizioa egingo da Tolosan
Bueltan da ESNEKI, gazta eta esnekien azoka berezia. Azaroaren 3 eta 4an gazta eta esnekien inguruko azokaren bigarren edizioa egingo da Tolosan
Triangulo plaza, San Frantzisko pasealekua eta Tolosako Beotibar pilotalekua izango dira ESNEKI gazta eta esnekien azokaren baitan egingo diren jardueren agertokiak. Ostiralean, topaketara, hitzaldietara eta dastaketetara joan ahal izango da, besteak beste. Jarduerak eta hauen izen-emate guztiak zabalik daude esneki.eliker.eus-en. I. Esneki Azoka eta Lehiaketako irudia. TOLOSAKO UDALA Hurrengo egunean, larunbatean, Triangulo Plazaren eta San Frantzisko pasealekuaren artean banatutako 60 postuek emango diote hasiera azokako egunik emankorrenari. 9:00etatik 14:00etara mota guztietako gaztak, jogurtak, izozkiak, kremak, mamiak... dastatu eta erosi ahal izango dira. Euskal Herriko gaztarik onenari izena jarriko dion lehiaketa handia ere egun berean izango da: 10 kategoria desberdin egongo dira eta 30 pertsonak osatutako epaimahaiak izendatuko du gazta txapelduna. I. Esneki Lehikateako irabazlea. TOLOSAKO UDALA Epaimahaiak irabazlea adosten duen bitartean, dastaketa gidatua egingo da Beotibarren, gazta barietate zabala ezagutu eta dastatzeko aukera paregabea izango direlarik. Ondoren, eta azokari amaiera emateko, XIV. Frisoi Txapelketako sariak banatuko dira. Irakurri hemen programazio osoa I. Esneki Azoka eta Lehiaketako irudia. TOLOSAKO UDALA
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234609/euroguneko-ekonomiak-atzera-egin-izanak-inflazioa-uste-baino-gehiago-jaitsi-du.htm
Ekonomia
Euroguneko ekonomiak atzera egin izanak inflazioa uste baino gehiago jaitsi du
Interes tasa handien eraginez, ekonomia uzkurtzen hasi da, eta prezioen igoerak ere geldotzen ari dira. Barne produktu gordina %0,1 murriztu da hirugarren hiruhilekoan.
Euroguneko ekonomiak atzera egin izanak inflazioa uste baino gehiago jaitsi du. Interes tasa handien eraginez, ekonomia uzkurtzen hasi da, eta prezioen igoerak ere geldotzen ari dira. Barne produktu gordina %0,1 murriztu da hirugarren hiruhilekoan.
Europako Banku Zentralak hasieratik oso argi izan du zer bide aukeratu: inflazioa jaistea izan du lehentasuna, eta, horretarako, interes tasak hamar aldiz igo ditu 2022ko uztailaz geroztik, horrela euroguneko ekonomia atzeraldian sartzeko arriskua sortu arren. Hautaketa horren emaitza orain ikusi da: azkenean, inflazioa asko jaitsi da, baina, aldi berean, ekonomiak atzera egin du. Espero zen inflazioa jaistea, baina adituak harrituta daude zenbat jaitsi den ikusita: %4,3tik %3,1era igaroko zela kalkulatu zuten, baina, Eurostaten lehen estimazioaren arabera, %2,9raino apaldu da. Arrazoien artean, Eurostatek aipatu du energiaren prezioa uste baino gehiago apaldu dela (-%11,1), eta elikagaien inflazioa ere beherantz doala –%8,8tik %7,5era jaitsi da–. Energia eta elikagaiak kontuan hartzen ez dituen indizea, azpiko inflazioa, %4,5etik %4,2ra jaitsi da. Datu horri asko erreparatzen dio EBZk, erakusten baitu inflazioa zenbateraino hedatu den ekonomiaren atal guztietan. Hala ere, kontuan hartu behar da egutegiaren efektuak nabarmen eragin duela urriko datuan, eta hala gertatzekoa dela azaroan eta abenduan ere. Inflazioak 2022ko udazkenean jo zuen goia eurogunean —%10,6 urrian—, eta horrekiko aldea da urte arteko inflazioa. Hego Euskal Herrian eta Espainian, ordea, bizkorrago igo ziren prezioak, eta bizkorrago hasi zen inflazioaren beherakada. Horren ondorioz, Espainiaren inflazioaren datua (%3,5) handiagoa da eurogunekoa baino. Ipar Euskal Herriko daturik ez dago, baina Frantzian bederatzi hamarren apaldu da, %4raino. Insee estatistika erakundearen arabera, elikagaien inflazioa %9,7tik %7ra jaitsi da. Pozik azaldu da Bruno Le Maire Ekonomia ministroa, eta nabarmendu du Frantzia izan dela inflazioari %10etik behera eutsi dion euroguneko kide bakarra. «Gobernuaren politika ekonomikoaren arrakasta» erakusten du horrek, haren arabera. Urriko inflazioaren datuak urrundu egiten du EBZk interes tasak gehiago igotzeko aukera, eta mahai gainean jarri, berriz, jaisten hasteari buruzko eztabaida. Nolanahi ere, Christine Lagarde EBZko buruak nabarmendu du «goizegi» dela debatea hori irekitzeko. Gainera, analistek uste dute balitekeela inflazioa pixka bat handitzea egutegiaren efektua arintzean. BPGa, inflazioaren ifrentzu Inflazioaren datuaren ifrentzua da BPGarena. Urteko bigarren hiruhilekoan hazkunde apala izan ondoren (%0,2), hirugarrenean %0,1 uzkurtu da, inflazioak eta interes tasa handiek mugatu egin baitiete gastatzeko eta inbertitzeko gaitasuna herritarrei eta enpresei. Herrialde handien artean, Alemania da atzeraldian dagoen bakarra; Italiak ozta-ozta egin dio izkin (%0), eta Frantzia ez da urrun geratu (%0,1).
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234610/txileko-konstituzio-proposamenak-migrazioari-eta-abortuari-buruzko-arau-gatazkatsuak-jaso-ditu.htm
Mundua
Txileko Konstituzio proposamenak migrazioari eta abortuari buruzko arau gatazkatsuak jaso ditu
Eskuin muturra eta eskuina nagusi diren Biltzar Konstituziogileak alde handiz onartu du testua, eta datorren asteartean emango dio ofizialki Borici. Abenduaren 17an egingo dute erreferenduma.
Txileko Konstituzio proposamenak migrazioari eta abortuari buruzko arau gatazkatsuak jaso ditu. Eskuin muturra eta eskuina nagusi diren Biltzar Konstituziogileak alde handiz onartu du testua, eta datorren asteartean emango dio ofizialki Borici. Abenduaren 17an egingo dute erreferenduma.
Txileko eskuinaren eta eskuin muturraren iritziz, konstituzio proposamen berriak «askatasuna», «segurtasuna» eta «ziurtasun ekonomikoak eta juridikoak» bermatzen ditu. Ezkerrak eta, oro har, kritikoek beste ikuspuntu bat dute: testu hori onartuz gero, eskubideen arloan «atzerapausoak» izango dira, eta «eredu neoliberala betikotuko» du. Lehen saiakeran gertatu bezala, estatuaren lege nagusia moldatzeko bigarren aldiak ere sakoneko desadostasunak utzi ditu agerian, eta hori astebete barru hasiko den kanpainan gerta daitekeenaren erakusle bilakatu da. Adibide gisara, azken lau hilabete eta erdian gatazka eta eztabaida handiak eragin dituzten bi artikulu daude, migrazioari eta abortuari buruzkoak. Biltzar Konstituziogileak alde handiz onartu du konstituzio berriaren proposamena, Alderdi Errepublikanoa ultraeskuinekoaren (22 boto) eta Goazen Txile eskuineko koalizioaren aldeko botoekin (11); soilik Txileren Aldeko Batasuna ezkertiarrak (hamazazpi) bozkatu du kontra. Testuak hamazazpi atal ditu, eta horietan, denera, 216 artikulu erredaktatu dituzte. Eskuin muturrak eta eskuinak gehiengo osoa dute Biltzar Konstituziogilean, eta horrek balio izan die beren ideiak onarrarazteko, ezkerra kontra agertu den arren. Tartean daude, esaterako, «jaiotzear dagoenaren bizitza babestea», zeinak talka egin dezakeen 2017an onarturiko abortuaren despenalizazioari buruzko legearekin; baita migrazioari buruzko araua ere, erraztu egingo lukeelako horiek kanporatzea, «ahalik eta tarterik txikienean». Eta adibide horiek, ezinbestean, atea ireki diote herritarrek testu horri ere ezezkoa emateari. Ezkerreko sektore askok ez dituzte gogoko edukietako asko, eta kontra bozkatzera deituko dute; inkestek, gainera, aurreikusten dute ezezkoak irabaziko duela datorren abenduaren 17ko erreferendumean. «Eskuinek testu baztertzaile, dogmatiko atzerakoi eta polarizatzaile bat inposatu nahi dute. Soilik enpresariei eta indartsuenei egiten die mesede, betiko pribilegiatuei», kritikatu du Alejandro Koehler diputatu sozialistak. «Adostasunerako borondaterik eza» zutela erantzun du Edmundo Eluchans eskuindarrak. Edonola ere, konstituzio proposamenak baditu ezkerrak ontzat jo dituen arau batzuk. Kasurako, Txile «zuzenbidean oinarrituriko estatu sozial eta demokratiko bat» dela, eta estatuari «eginbeharrak inposatzen» dizkiola «oztopoak kendu eta eskubide sozialak sustatzeko». Baina, adibide horretan ere, sektore hori ez dago erabat gogobeteta, argudiatu baitu beste artikulu batzuetan bildutako edukiek estatuaren definizio hori «hustu» dezaketela. Biltzar Konstituziogileak datorren asteartean emango dio ofizialki testua Gabriel Boric herrialdeko presidenteari, eta hark egun horretan deitu beharko du hurrengo erreferendumera; galdeketa horretarako kanpaina egun horretan hasiko da, gainera. Hiru bozketa, prozesua hasi zenetik 2019ko urriko matxinada baretzeko abiatu zuen Sebastian Piñerak, ordu hartan presidente zenak, Augusto Pinochet diktadorearen garaiko konstituzioa (1980) aldatzeko prozesua, eta hiru bozketa egin dituzte urteotan. Lehenik, 2020an: %78k bozkatu zuten konstituzio berri bat egitearen alde, eta %79k adierazi zuten, hain justu, zuzenean aukeratutako konstituziogile batzuek idaztea nahi zutela. Bigarrenik, 2021ean, Biltzar Konstituziogilerako hauteskundeak egin zituzten, eta independenteek eta ezkerrak irabazi zuten horietan. Indarren dagoen prozesuko lehen proposamena lantalde horrek egin zuen, eta hirugarren bozketa iazko irailean egin zuten; hain justu, Biltzar Konstituziogileko kideek erredaktaturiko testuaz. Herritarrek atzera bota zuten herrialdea errotik alda zezakeen proposamena: %61,86 agertu ziren kontra. Eta iazko azaroan berriz ekin zioten prozesuari. Horren ondorioz, Biltzar Konstituziogileko hauteskundeak egin zituzten bigarrenez, iragan maiatzean, eta aldaketa sakonekoa izan zen, eskuin muturrak aulkien ia erdiak lortu baitzituen, eta eskuinarekin batera eserlekuen bi heren bildu baitzituen. Eskuindarrak gehiengo dituen Biltzar Konstituziogilearen konstituzio proposamen hori ukatuz gero, Boricek esana du ez duela hirugarren saiakerarik sustatuko eta, beraz, indarrean jarraituko duela Pinocheten garaiko konstituzioak.
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234611/arartekoak-jaurlaritzari-gomendatu-dio-laquomalgutzekoraquo-presoen-eta-seme-alaben-arteko-komunikaziorako-irizpideak.htm
Gizartea
Arartekoak Jaurlaritzari gomendatu dio «malgutzeko» presoen eta seme-alaben arteko komunikaziorako irizpideak
Elkarbizitzarako komunikazio kopurua areagotzeko gomendatu du, eta halakoak 18 urte bitarteko adingabe guztiei eskaintzeko.
Arartekoak Jaurlaritzari gomendatu dio «malgutzeko» presoen eta seme-alaben arteko komunikaziorako irizpideak. Elkarbizitzarako komunikazio kopurua areagotzeko gomendatu du, eta halakoak 18 urte bitarteko adingabe guztiei eskaintzeko.
Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatu dio «malgutu eta homogeneiza» ditzala presoek euren senideekin dituzten komunikazioak, adingabeak tartean daudenetan, «horien maiztasuna eta iraupena ahalik eta handiena izan dadin». Era berean, elkarbizitzarako komunikazioetan 13 urteko adin muga kendu, eta 18 urtera arteko adingabeetara hedatzearen alde egin du. Arartekoak azaldu du «funtsezkoa» dela adingabeen eskubide eta interesak lehenestea, eta gehitu du espetxe administrazioak seme-alaba horiengan «esperientzia positiboak sustatzeko» betebeharra duela. Izan ere, agerikoa da espetxeak «harreman arruntei eusteko oztopo handiak» eragiten dituela, eta haurrengan ere eragin batzuk dituela. «Traumak, estigmak, antsietatea eta gurasoen zaintzaren galera, bai eta bestelako kalteak ere beren hazkuntza ibilbideko egoera materialean». Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan aritzen diren hirugarren sektoreko erakundeekin bildu ostean, espediente bat irekitzea erabaki zuen, presoen eta haien gertukoen arteko «ahozko komunikazioen egoera» aztertzeko, eta horiek nazioarteko estandarretara egokitzen ote diren zehazteko, «espetxeratuen eta haien seme-alaba adingabeen oinarrizko eskubideen ikuspegitik». Horretarako, Zaballako, Basauriko eta Martuteneko espetxeetako egoera ikuskatu dute, eta antzeman dute «zailtasunak» daudela komunikazio horiek egiteko. Arartekoak azaldu duenez, adingabeekiko komunikazioa gauzatzeko irizpideak ezberdinak dira hiru espetxeetan. Hala nola Arabako eta Bizkaiko espetxeetan, hilean elkarbizitzarako komunikazio bat izan dezakete presoek 13 urtetik beherako seme-alabekin. Eman dezaketen denbora tartea, baina, ez da berbera: bi ordukoa da Basaurin, eta hirukoa Zaballan. Gipuzkoan, berriz, hilean elkarbizitzarako bi komunikazio izan ditzakete, bi ordukoak. Horiek hala, arartekoak gomendatu du komunikazio mota hori areagotzea; batez ere, Basauriko espetxean. Gainera, arartekoak uste du 18 urtetik beherako adingabe guztiek izan beharko luketela halako komunikazioak izateko aukera. Gaur egun, horiek gainerako senide edo hurbilekoen leku berean egin behar dituzte bisitak. Arabako espetxea da salbuespena, 13 eta 18 urte arteko seme-alabekiko ohiko komunikazioak elkarbizitza komunikazioetarako prestatutako guneetan egitea ahalbidetzen baitu. Gune horiei dagokionez, arartekoak azaldu du egoki prestatuta daudela, eta ez du horiek moldatzeko beharrik adierazi. Halere, Martuteneko espetxeari dagokionez, ohiko komunikazioak egiteko kabinen baldintzak egokitzea gomendatu du. Arartekoaren esanetan, «eraikinaren azpiegitura eta antzinatasuna» direla medio, kabinak txikiak dira, eta ez dute lau lagun sartzeko adina espaziorik. Horrez gain, gaizki isolatuta daudela salatu du, eta «arazo akustikoak» eragiten dituztela. «Beraz, komunikazioa nekez gauzatzen da», zehaztu du.
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234612/fortuna-handien-gaineko-zerga-espainian-bezala-aplikatzeko-eskatu-du-elkarrekin-podemosek.htm
Ekonomia
Fortuna handien gaineko zerga Espainian bezala aplikatzeko eskatu du Elkarrekin Podemosek
Zuzenketak aurkeztuko ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan. Negoziatzeko prest dagoela esan du koalizioak.
Fortuna handien gaineko zerga Espainian bezala aplikatzeko eskatu du Elkarrekin Podemosek. Zuzenketak aurkeztuko ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan. Negoziatzeko prest dagoela esan du koalizioak.
Elkarrekin Podemosek salatu du dirudun handien gaineko zergaren eragina murrizten saiatu direla EAJ eta PSE-EE, Espainian aplikatzen dutena baino «leunagoa» delako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezarri nahi dutena. Koalizioaren esanetan, Madrilen indarrean dagoena aplikatuko balitz, hamar aldiz gehiago bilduko lukete hiru ogasunek zerga horren bidez. Horregatik, aurreratu dute legea bere horretan, aldaketarik gabe, onartzeko eskatuko dutela batzar nagusietan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusietan zerga horren tramitazioa hasi duten eguna baliatu dute, koalizioak hiru ganberetan dituen eledunek agerraldi bateratua egiteko. Miren Etxebestek, David Rodriguezek eta Eneritz Madariagak gogor egin dute EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako proposamenaren aurka. Legea ezerezean utzi nahi izana egotzi diete bi alderdiei: «Azkenean, pixka bat disimulatzeko, legea tramitatzea onartu dute, baina engainatuz, desnaturalizatuz, eta haren eragina gutxienekora murriztuz». Gogora ekarri dutenez, 3,2 milioi eurotik gorako ondareen jabeek ordainduko dute zerga berezia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Espainian, aldiz, 3 milioi eurotik gora dutenei aplikatuko zaie. Ordaindu beharreko gehienezko tasa, berriz, (%3,5) 16 milioi eurotik gora ezarriko litzateke; 10,6 milioitik aurrera Espainian. Bada, proposamen horren arabera, Arabako ogasunak 200.000 euro bilduko lituzke zerga berriari esker, Rodrizek azaldu duenez. «Fartsa bat da, engainu bat», salatu du. «Urtebete gutxiagoan ez ezik, zerga gutxiago ere ordainduko dute dirudunek Euskadin». Halaber, «tranpa» egitea ere egotzi diote EAJri, zerga berria ondarearen gaineko zergarekin nahastu nahian ari delako, haren beharrik ez dagoela justifikatzeko. Bada, nabarmendu dute dirudun handien gaineko zergak ez duela hura ordezkatuko, elkarren osagarri izango direla baizik. «Ez zuten inoiz zerga hau ezarri nahi izan; argi dago», esan du Etxebestek. Gauzak horrela, «koherentzia» eskatu dio Elkarrekin Podemosek PSE-EEri. Jarrera aldatzeko eskatu dio, eta EAJren mukulu izateari uzteko. «Gustatuko litzaiguke Euskadiko Alderdi Sozialista gai izatea Madrilen egiten duena Euskadin ere egiteko». Deflatazioari ere zuzenketa Zerga berria onartzeko hirugarren baten babesa behar du EAJ eta PSE-EE bikoak Araban eta Gipuzkoan —gehiengoa dute Bizkaian—. Hori aintzat hartuta, Elkarrekin Podemosek adierazi du prest dagoela negoziatzeko. Bi alderdiei «eskua luzatu» die fiskalitateaz hitz egiteko, baita errenta zergaren deflatazioa egokitzeko ere. Izan ere, Madariagak azaldu du PFEZ zergaren deflatazioaren aurkako zuzenketa ere aurkeztuko duela koalizioak hiru batzar nagusietan, neurria «lineala» delako proportzionala izan beharrean. «Fiskalitate justuago bat nahi dugu, eta urrats asko daude egiteko oraindik», esan du Madariagak.
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234613/laquozaintza-eredu-berrian-sakontzekoraquo-aurrekontuak-aurkeztu-ditu-gipuzkoak-1160-milioi-euro.htm
Ekonomia
«Zaintza eredu berrian sakontzeko» aurrekontuak aurkeztu ditu Gipuzkoak: 1.160 milioi euro
%2,7 handitu dira aurrekontuak, eta Zainketa eta Gizarte Politika departamentuak du zamarik handiena: 515 milioi euro (+%2,4).
«Zaintza eredu berrian sakontzeko» aurrekontuak aurkeztu ditu Gipuzkoak: 1.160 milioi euro. %2,7 handitu dira aurrekontuak, eta Zainketa eta Gizarte Politika departamentuak du zamarik handiena: 515 milioi euro (+%2,4).
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak azaldu du 2024. urteko aurrekontu proiektuaren ardatz nagusiak «familien ekonomia eta ongizatea babestea, inbertsioak bultzatzea eta klima aldaketari aurre egitea» direla. Hala, 1.160 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu du Gobernu Kontseiluak, iaz baino %2,7 gehiago. Ostegunean hasiko dira alderdi politikoekin negoziatzen, eta ostean onartuko dituzte aurrekontuak Batzar Nagusietan. Urtero legez, Zainketa eta Gizarte Politiken departamentuak izango du aurrekonturik handiena, 515 milioi euro —724 euro biztanleko—. Mendozak adierazi du «zaintza eredu berrian sakontzeko» aurrekontuak direla, eta, egoitza eredu berria bultzatzeko, 38,4 milioi euro jarriko dituzte. Hala ere, departamentu horren aurrekontuaren hazkundea orokorraren behetik dago, %2,7 handitu baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren gastu orokorra, eta %2,4 gizarte politikena. Ekonomian, nabarmen gora Ekonomia, Sustapena eta Proiektu Estrategikoen departamentuaren aurrekontua da gehien handitu direnetariko bat. 75,8 milioi izango dituzte 2024an, iaz baino %4,3 gehiago. Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak adierazi du «oso pozik» dagoela proiektuarekin, «instituzioen egonkortasuna» bermatzen dutelako. Jasangarritasunean aurrera egiten lagunduko dutela ziurtatu du Asensiok, eta trantsizio ekologikoan lau ardatz nabarmendu ditu: «Energia trantsizioa, ekonomia zirkularra, ekonomiaren deskarbonizazioa eta klima aldaketaren aurkako borroka». Adierazi du mugikortasun jasangarrian jarriko dutela indarra. Lurralde Oreka Berdearen departamentuaren aurrekontua %5,9 handitu da. Jokin Perona Ogasun diputatuak arlo berri horren garrantzia nabarmendu du, «naturaren eta basoen zaintzan eta elikadura jasangarrian» proiektu «esanguratsuak» aurrera ateratzen lagunduko duelako. Ia 46 milioi euro izango dituzte datorren urtean. 2024ko zerga bilketen aurreikuspena ere egin du Peronak. Gipuzkoako Ogasunaren sarrerak %5,25 handituko dira datorren urtean, baina, ekarpen lege berriaren arabera, Gipuzkoak Eusko Jaurlaritzari eman beharko dion partea %7,92 handituko da. Hala ere, Espainiako Estatuari emango dion zatia murriztu egingo da. Udalei 658 milioi euro banatuko dizkie aldundiak, iaz baino 49 milioi gehiago. Etorkizun ezjakinerako prest Mendozak adierazi du datorren urtean ere aurrekontuek gora egingo dutela, eta «etxea sendo» nahi dutela. Izan ere, haren esanetan, etorkizunean «krisi bat etorriko balitz», familiak eta enpresak laguntzeko prest egon behar dute. Izan ere, Mendozaren hitzetan, gaur egun «ziurgabetasuna eta ezegonkortasuna» nagusi dira Europan eta munduan, baina nabarmendu du Gipuzkoako enpresek «sendo» eusten diotela egoera horri.
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234614/batxilergoko-ikasleek-ere-eskola-garraioa-erabiltzeko-baimena-eduki-ahal-izango-dute.htm
Gizartea
Batxilergoko ikasleek ere eskola garraioa erabiltzeko baimena eduki ahal izango dute
Ikastetxe publikoetako eskola garraioa arautzeko dekretu berria onartu du Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseiluan. Aurrerantzean, eskola garraiorako eskubidea duten ikasleek ez dute zuzenean jantokiko kuota murriztua izango.
Batxilergoko ikasleek ere eskola garraioa erabiltzeko baimena eduki ahal izango dute. Ikastetxe publikoetako eskola garraioa arautzeko dekretu berria onartu du Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseiluan. Aurrerantzean, eskola garraiorako eskubidea duten ikasleek ez dute zuzenean jantokiko kuota murriztua izango.
Aldaketak daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola garraioan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseiluan onartu berri du Hezkuntza Sailak finantzatutako Euskadiko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola garraioari buruzko dekretua. Hauxe nobedade nagusia: Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako ikasleek ere «behin-behinean» eskola garraioa erabiltzeko baimena eduki ahal izango dute, baldintza batzuk betetzen badituzte. Dekretuak, orain arte bezala, Haur Hezkuntzako —lehen zikloko hirugarren maila eta bigarren zikloa—, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako oinarrizko zikloetako ikasleek eskola garraiorako duten eskubide arautzen du. Baina, etapa horietan ez ezik, dekretu berriak eragina izango du Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako ikasleengan ere. Izan ere, ikasle horiek Hezkuntza Sailak antolatutako eskola garraioa «behin-behinean» erabiltzeko baimena izan ahalko dute. Baina zer baldintza bete beharko dituzte horretarako? Hezkuntza Sailak betekizunak zerrendatu ditu: Garraio publiko erregularraren eskaintza «urria» dela eta, etxebizitzaren eta ikastetxearen arteko joan-etorriak «bereziki zailak» diren lekuetan bizitzea; eskola garraioaren jarraipen batzordeak baimena ematea; eskola garraioaren ibilbidean lekuak libre egotea; ikastetxetik lau kilometrora edo gehiagora bizitzea —bi kilometrora edo gehiagora, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialari lotutako hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei dagokienez—; eta ikasturtea amaitzen den urtean 21 urte baino gehiago ez izatea —muga 25 urtera igo dute hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleentzat—. Halaber, dekretu berriaren arabera, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle horiek eskola garraioa erabiltzeko baimena lortuko ez balute, garraio gastuak konpentsatu ahal izango dituzte Hezkuntza Sailaren banakako diru laguntza deialdiren bidez. Beste aldaketa bat ere badakar dekretuak. Hain zuzen, erabaki dute jantokiko kuota murriztua izateko eskubidea eta garraiorako eskubidea bereizi egingo dituztela. Alegia, orain arte, eskola garraiorako eskubidea zuen orok jangelan geratzeagatik gutxiago ordaindu behar zuen, baina ez da hala izango aurrerantzean. «Ikasleek araudi bakoitzean ezartzen diren baldintzak bete beharko dituzte, batetik, jantokiko kuota murriztua izatekoak, eta, bestetik, eskola garraioa eskuratzekoak», azaldu du Hezkuntza Sailak.
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234615/bizkaiak-gizarte-politiken-gastua-handituko-du-eta-azpiegiturena-txikituko.htm
Ekonomia
Bizkaiak gizarte politiken gastua handituko du, eta azpiegiturena txikituko
Etxanobe ahaldu nagusiaren arabera, biztanleko 640 euro gastatuko dituzte.
Bizkaiak gizarte politiken gastua handituko du, eta azpiegiturena txikituko. Etxanobe ahaldu nagusiaren arabera, biztanleko 640 euro gastatuko dituzte.
Bizkaiko Foru Aldundiak %3,8 handitu ditu 2024ko aurrekontuak. Guztira, 1.599 milioi euroren gastuak aurreikusten ditu, aurten baino 58,6 milioi gehiago. Elixabete Etxanobe ahaldun nagusia eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun diputatua aurrekontu proiektua aurkeztu dute astearte honetan, eta Bizkaiko Batzar Nagusietan erregistratuko dute, urtea amaitu baino lehen onar dadin. Etxanobe talde guztiekin hitz egiteko prest agertu da, baina EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak ez du talde horietako bakar baten babesa behar aurrekontua aurrera ateratzeko, gehiengo osoa baitu. Foru ogasunak inoizko bilketarik handiena aurreikusten du 2024rako: 9.917 milioi euro; aurtengo aurrekontuetan aurreikusi baino 109 milioi gehiago (+%1,1). Aurrekontuak, guztira, 10.000 milioitik gorakoak izango dira, lehen aldiz; zehazki, 10.308 milioirenak, aurten baino %5,1 gehiago. Kopuru horretatik 1.599 milioi aldundiko sailentzat izango dira, %3,8 gehiago. Etxanobek nabarmendu duenez, gizarte politiketarako erabiliko denak izango du pisurik handiena: biztanleko 640 euro jarriko dituztela adierazi du. Hala, aurrekonturik handiena duen arloa Gizarte Ekintza izango da: 691,1 milioi izango ditu, aurten aurreikusi baino % 6,1 gehiago. Beste sail nagusia Azpiegiturak eta Lurralde Garapena da; horrek % 7,2 gutxiago jasoko du, 243,1 milioi guztira. Garraio, Mugikortasun eta Turismo alorrak izango du diru sailik handienetan hirugarrena: 209,3 milioi, %1,6 gehiago. Euskara, Kirola eta Kultura: %28 gutxiago Legegintzaldi berriarekin batera, sailen izendapenean eta antolakuntzan aldaketak egon dira, eta kasu batzuetan ezin da konparaziorik egin, baina gehienetan bai. Murrizketa izango duten sailen artean, Ogasun eta Finantza Sailak izango du handiena: %55,7koa, eta 65,9 milioiko aurrekontua izango du. Euskara, Kirola eta Kultura Sailera bideratutakoa ere nabarmen murriztuko da: %28,4 edo 18,8 milioi gutxiago, eta 66,2 milioiko aurrekontua izango du. Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailarena 84,2 milioikoa izango da (-%48), Ekonomia Sustapen Sailarena, 78,5 milioikoa (-%8,7), eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun Sailarena, 85,1 milioikoa (-%1). Natura Ingurune eta Nekazaritza Sailak 75,6 milioiko aurrekontua izango du. Sail berria da, azken legegintzaldian Iraunkortasuna eta Inguru Naturala deiturikoak 103 milioiko aurrekontua izan du aurten. 2024ko aurrekontuaz gain, foru gobernuak beste 241 milioi gehitu ditu, aurreko urteetako soberakinetatik. Kopuru hori legegintzaldi osoan gauzatuko du, legegintzaldiko planaren lehentasunezko jarduerak garatzeko. Udalak, %9,2 gehiago Aldundiaren jardunarekin lotuta ez dauden diru sailetan, udalen finantzaketa handitu da gehien, %9,2, eta 1.132 milioi guztira. Gainera, 6.430 milioiko ekarpena egingo zaio Eusko Jaurlaritzari, %6,7 gehiago; 10,3 milioi izango dira Bizkaiko Batzar Nagusientzat, %3,1 gehiago; eta 618,5 milioi ordainduko zaizkio Espainiako Estatuari kupoarengatik, %12,3 gutxiago, aurten «aparteko ordainketa» bat egin delako. Langile publikoen soldatetara %5,4 gehiago bideratuko da, 263,5 milioi guztira. Eta zorra ordaintzeko, 252,7 milioi, %6,7 gehiago, «diruaren prezioa» igotzearen eta, beraz, interesak ordaintzearen ondorioz.
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234616/gasteizko-udalak-euskararen-aurkako-azken-epaiak-arbuiatu-ditu.htm
Gizartea
Gasteizko Udalak euskararen aurkako azken epaiak arbuiatu ditu
EH Bilduk sustatutako ekinaldiak EAJ eta Elkarrekin taldeen babesa jaso du. PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute.
Gasteizko Udalak euskararen aurkako azken epaiak arbuiatu ditu. EH Bilduk sustatutako ekinaldiak EAJ eta Elkarrekin taldeen babesa jaso du. PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute.
Gasteizko Udalak euskararen erabileraren aurka kaleratu diren azken epaien aurkako adierazpen bat onartu du gaur. EH Bilduren ekimenez onetsi dute testua, EAJ eta Elkarrekin taldeen babesarekin. PSE-EEk eta PPk, aldiz, adierazpenaren aurka bozkatu dute. Instituzioetan euskararen erabilera bermatzen duten toki erakundeen alde egin dute testuan. Era berean, joan den uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiarekin gertatu zen bezala, azken asteotan salatu dute EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak tokiko autonomiaren aurkakoak direla eta hizkuntza arloko udal eskumenen garapen osoa «mugatzen» dutela. Horrela, «bereziki larria» iritzi diote euskara erabilera normal eta orokorreko zerbitzu eta lan hizkuntza dela aintzat jotzen duten dekretuaren artikuluak baliogabetzeari. Adierazpenaren sinatzaileek uste dute «oztopo» dela toki erakundeen funtzionamenduan udalek ezin ezarri ahal izatea hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak. Horrez gain, Gasteizko Udalari eskatu diote udal eskumenak defendatzeko, eta «gizarteak euskararen biziberritze prozesuan aurrera egiteko adierazi duen nahia» errespetatzeko eta legeria erabiltzen jarraitzeko. Etxebarriaren «utzikeria» Maider Etxebarria alkateak testua babestu ez izana kritikatu du EH Bilduk ohar batean. Gogoratu du ez dela lehen aldia Etxebarriak euskararen defentsa egiteari uko egiten diona; izan ere, Viterok gogora ekarri du uztailaren 13an 71 udalerritako alkateek salatu zutela Auzitegi Konstituzionalaren epaiak euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen zituela; Gasteizko alkatea ez zen batzar horretara agertu, argudiatuta ez zuela deialdi horren berri. EH Bilduko zinegotziak «deigarritzat» jo du alkatearen jarrera. Viteroren iritziz, udalek «batasuna» eta «irmotasuna» erakutsi behar dute euskararen eta toki erakundeen eskumenak defendatzeko: «Horregatik ulertezina egiten zaigu Gasteizko Udalaren buru denak euskararen eta euskal hiztunen aurkako eraso zuzen hauen aurrean halako pasibotasuna eta utzikeria erakustea». EH Bilduk bat egin du oldarraldi horri aurre egiteko abian jarritako Euskararekin bat euskaraz bat ekinaldiarekin, eta herritarrak animatu ditu kanpaina horren barruan egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234617/herritarren-eskubideak-arretagunean-jartzeko-deia-egin-du-euskalgintzaren-kontseiluak.htm
Gizartea
Herritarren eskubideak arretagunean jartzeko deia egin du Euskalgintzaren Kontseiluak
Idurre Eskisabelek ohartarazi du orain are arrazoi gehiago daudela azaroaren 4an manifestatzeko. Botere judizialaren «esku hartzea» kritikatu du, epaiek euskaren normalizazioan aurrera egitea oztopatzen dutelako.
Herritarren eskubideak arretagunean jartzeko deia egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Idurre Eskisabelek ohartarazi du orain are arrazoi gehiago daudela azaroaren 4an manifestatzeko. Botere judizialaren «esku hartzea» kritikatu du, epaiek euskaren normalizazioan aurrera egitea oztopatzen dutelako.
Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaiak salatzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 10ean deitu zuen azaroaren 4ko manifestaziora. «Ordu hartan, arrazoiak bagenituen», gogoratu du Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak. Lau hilabete geroago, irailaren 26an, mobilizatzeko arrazoiak berresteaz gain, «areagotu» egin zirela adierazi zuten. Bada, gaur, Kontseiluak beste agerraldi bat egin du: «Oraingo honetan ere, zoritxarrez, arrazoiak areagotu egin zaizkigu». Izan ere, irailaren 26tik gaur arte, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin ditu udal legearen garapen dekretuko hainbat artikulu. «Esan eta esan ari gara: larria da egoera, euskararen aldeko hizkuntza politikak egiteko tresneriarik gabe geratzen ari gara», ohartarazi du Eskisabelek. Herritarren eskubideak arretagunean jartzeko, larunbatean Bilboko kaleak hartzera deitu du. Eskisabelen arabera, nahiz eta epai bakoitzak bere berezitasuna izan, agerikoa da «sakonean» jarraitutasuna dagoela: «Euskararen aldeko hizkuntza politika egiteko eta euskararen aldeko politika publikoak egiteko tresneria desegiten ari dira». Izan ere, azken epaiek «muturrera» eraman dute hori, «esplizitatzeraino udalei ez dagokiela hizkuntza planifikazioa egitea». Erantsi du epaiek ez dutela aintzat hartu euskara hizkuntza gutxitua dela eta berezko hizkuntzatzat jasota dagoela legedian; horrek babes berezia ematen dio. Epai horietan, gainera, hizkuntza eskubideak eta lanerako eskubideak kontrajarri nahi dituzte: «Guk uste dugu ez dela horrela: eskubide horiek elkarren osagarri eta indargarri dira». Hiru arrazoi nabarmendu dituzte larunbateko manifestazioan parte hartzeko. Hasteko, botere judizialaren esku hartzea «larria» dela deritzo Eskisabelek. Orain, euskararen normalizaziorako politika publikoak bideratzen dituzten arauak baliogabetzen dihardute auzitegiek. Hau da: «Botere judiziala hizkuntza politika egiten ari da». Eta hori «oso larria» da. Azken hilabeteotan emandako epaiak, gainera, «oztopoak» dira euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Hori ezarri dute bigarren arrazoitzat: «Tresneria hori gabe geratzea euskararen normalizazioa oztopatzea da». Are, Eskisabelek nabarmendu du munduan gertatutako «aldaketa azkar eta handiek» beste testuinguru bat eman diotela hizkuntzen auziari, eta «zailtasun gehiago» erantsi dizkiotela hizkuntza gutxituen egoerari. «Globalizazioarekin, digitalizazioarekin... hizkuntza gutxitu guztiek erronka handiak ditugu, eta orain ditugun tresnak ere kamutsak gertatzen zaizkigu; beste batzuk indartsuago behar ditugun garaiotan, ditugun eskas horiek ere galtzen ditugu». Hirugarren arrazoi moduan, helburu bat jarri dute: «Herritarron eskubideak erdigunean jarri nahi ditugu». Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu du euskararen normalizazioa oztopatzeak «milaka herritarren hizkuntza eskubideak» auzitan jartzea dakarrela, eta herritarren «eguneroko bizimoduari» kalte egitea. Eskisabelen ustez, hori ez da bakarrik euskaldunen eta euskaltzaleen kontrako auzia: «Gizarte kohesioaren kontra doa, baita justizia sozialaren eta bizikidetzaren kontra ere». Hori dela eta, «hizkuntza berdintasunean» eta «oro har berdintasunean» sinesten duten herritar guztiei dei egin die, larunbatean Bilbon bil daitezen, eta «aldarrikapenekin bat egin» dezaten. «Oldarraldi judizialari etena jartzeko eskatuko dugu». Azken xehetasunak Gaurko agerraldian, pankarta eramango duten ordezkariak izan dira Eskisabelekin. Besteak beste, Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Irati Iziar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria eta Martin Aramendi UEMAko lehendakaria egon dira han, baita Amagoia Mujika Tolaretxipi BERRIAko zuzendaria ere. Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean, lehenengo ilara osatuko dute larunbatean. Azaroaren 4ko manifestazioari buruzko hainbat xehetasun ere eman ditu Eskisabelek, baina ez du guztia zehaztu: «Dena ez dizuegu kontatuko». 17:00etan abiatuko da manifestazioa, Bilboko Euskalduna jauregitik. Kale Nagusia zeharkatuko du, eta Bilboko udaletxean amaituko da. Kantujiretako taldeek girotuko dute ibilbide osoa. Udaletxeko atarian egingo dute amaiera ekitaldia. Musikari ezagun batek euskararen aldeko kantu bat joko du, eta Eskisabel bera mintzatuko da. Gainera, Euskal Herriko hainbat dantza taldetako dantzariek «soka dantzak» hasiko dituzte: «Horrekin, elkarlana irudikatu nahi dugu». Eskisabelek esan du «oso erraza» dela, eta herritarrak gonbidatu ditu manifestazioaren aurretik «sareetan tutorialak bilatzera» eta ikastera. Kontrapas kanta abesten amaituko dute ekitaldia.
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234618/nafarroak-5742-milioi-euroko-gastu-muga-izango-du-aurten-baino-96-gehiagokoa.htm
Ekonomia
Nafarroak 5.742 milioi euroko gastu muga izango du, aurten baino %9,6 gehiagokoa
Bere gain hartu gabeko eskumenengatik 837 milioi euro ordainduko dizkio Espainiako Gobernuari, eta 314 milioi euro jarriko ditu Tokiko Ogasun Funtsean, udalen gastu arrunta finantzatzeko.
Nafarroak 5.742 milioi euroko gastu muga izango du, aurten baino %9,6 gehiagokoa. Bere gain hartu gabeko eskumenengatik 837 milioi euro ordainduko dizkio Espainiako Gobernuari, eta 314 milioi euro jarriko ditu Tokiko Ogasun Funtsean, udalen gastu arrunta finantzatzeko.
Datorren urteko aurrekontuetarako prozesua abian jarri da. Nafarroako Gobernuaren kontseiluak hurrengo urteko gastu muga finkatu du. 5.742 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino 526 milioi euro gehiagokoa, alegia. Jose Luis Arasti Ogasun kontseilariak nabarmendu du «finantza egonkortasuna» emango diela aurrekontu publikoei. Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, Arastik azaldu du aurrekontuak lantzen hasi baino lehen bi konpromiso aldez aurretik zehaztuta daudela. Batetik, estatuari ordaindu beharreko ekarpena 837 milioikoa izango da. Nafarroak aurten baino 202 milioi euro gehiago ordaindu beharko ditu bere gain hartu gabeko eskumenengatik. Hain zuzen ere, ekarpena kalkulatzeko akordioa 2020tik 2024ra bitartekoa da, eta datorren urtea izango da, hortaz, epe horretako azkena. Bestetik, udalen finantzaketarako akordioan jaso zenez, KPIa adina igoko da udalen gastu arrunterako Tokiko Ogasunen Funtsa. Hala, 2024an 314 milioi eurokoa izango da, aurten baino hamabi milioi euro gehiagokoa. Hala, behin hori kenduta, gastu eta inbertsio publikorako 4.591 milioi euro izango ditu Nafarroako Gobernuak, aurten baino %6,7 gehiago. Kopuru horretatik abiatuta hasiko da departamendukako gastu banaketa lantzen. 2020tik 2023ra bitartean, finantza egonkortasunerako arauak etenda egon dira, baina, aurtengo martxotik, Europako Batzordeak gobernuei jakinarazi die klausula horiek desaktibatu egingo direla. Urriaren 15ean Espainiako Gobernuak ere bere asmoen berri eman zion Europako Batzordeari, baina, jarduneko gobernua denez, ezin du finantza publikoen gaineko helbururik jarri. Hor sartzen dira erkidegoen defizita eta zor publikoa. «Oraindik ezin izan dira finkatu aurrekontu egonkortasuneko konpromisoak eta lankidetza». Arastiren arabera, defizit gabeko gastu muga hartu dute aintzat. «Ahalik eta azkarren» Horrek baldintzaturik, Nafarroako Gobernuak epeak atzeratu ditu. Orain hasiko dira aurrekontuen legearen aurreproiektua lantzen, eta espero dute urtarrilerako egitasmoa Nafarroako Parlamentura iristea. Arastiren arabera, aurrekontuekin batera urtero onartzen diren zerga neurriek lehentasun handiagoa dute orain, abenduaren 31rako onartuta egon behar baitute. Inflazioaren eragina leuntzeko, errenta zergan deflatazioa ezartzeko asmoa du gobernuak. «Zerga tarte guztietan eragitea nahi dugu», zehaztu du Arastik, horri buruz galdetu zaionean. Ez du zenbatekorik zehaztu. Koadro makroekonomikoari dagokionez, datorren urtean %1,3ko hazkunde ekonomikoa eta %3,4ko inflazioa izatea espero du gobernuak. «Orain hasiko da benetako lana. Aurtengo aurrekontuak luzatu egin beharko ditugu, baina espero dugu ahalik eta lasterren hurrengo urtekoak aurrera ateratzea». Edozein modutan, gobernua babesten duten hiru indarrak (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) gutxiengoan direnez, akordioa egin beharko dute. UPNk eskua luzatu dio gobernuari, eta aurrekontuak onartzeko prest azaldu da. Arastik ontzat jo du jarrera hori: «Guk eskua luzatua dugu beti, baina ez dugu bazterketarik onartzen. Haiek argitu beharko dute baldintza horietan aurrera jo nahi duten». Izan ere, aurreko legealdiko lau urteetan EH Bildurekin hitzartu zituen aurrekontuak. Koalizio abertzaleak ohar bat kaleratu du, eta, hartan, balioa eman dio gastu muga handitzeari. Espero du, halaber, aurrerantzean ere "politika publikoa indartzea funtsezko helburua» izan dadila. Zergei dagokienez, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du proposamenik egin: «Foru Gobernuak zehazki zer zerga neurri proposatuko dituen jakiteko zain gaude, horiek aztertu eta fiskalitate bidezkoagoa eta progresiboagoa lortzeko proposamenak egin ahal izateko». Nagusiki lanaren errentetan oinarrituko ez den eta zerbitzu publikoak indartzeko balioko duen fiskalitatea izango dute xede.
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234619/egiptok-ez-du-laquosekularaquo-onartuko-palestinako-gatazka-bere-bizkar-amaiaraztea.htm
Mundua
Egiptok ez du «sekula» onartuko Palestinako gatazka bere bizkar amaiaraztea
Netanyahu EBko liderrak konbentzitzen ahalegindu da, haiek Egipto estu har dezaten Gazako zerrendako errefuxiatuak hartzeko
Egiptok ez du «sekula» onartuko Palestinako gatazka bere bizkar amaiaraztea. Netanyahu EBko liderrak konbentzitzen ahalegindu da, haiek Egipto estu har dezaten Gazako zerrendako errefuxiatuak hartzeko
Egiptoko presidente Abdel Fatta al-Sisiren eta Jordaniako errege Abdulah II.aren arabera, beren herrialdeek gaur egungo egoeran errefuxiatu palestinarrak hartu behar izatea «oso arriskutsua» izango litzateke eskualdearen segurtasunerako. Hori nabarmendu zuten hilaren 19an, Kairon elkarrekin batzartu ondoren. Eta Egiptok are gehiago sakondu du ideia horretan, jakin baitu Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ahalegindu dela EB Europako Batasuneko liderrak konbentzitzen, haiek Egipto estu har dezaten Gazako zerrendako errefuxiatuak hartzeko. Mustafa Madbuli lehen ministroak azpimarratu du «sekula» ez dutela onartuko Palestinako gatazka beren bizkar amaiaraztea. Financial Times egunkariak kaleratu du Netanyahuren ahaleginari buruzko albiste bat, Israelgo gobernuburuak izandako solasaldiei buruzko informazioa duten iturriak aipatuz. Erresuma Batuko hedabide horrek argitaratutakoaren arabera, Txekiak eta Austriak Netanyahuren asmoen berri eman zuten aurreko astean, EBko gobernuburuek eta estatuburuek ostegunean eta ostiralean Bruselan egindako Europar Kontseiluaren atarian. Baina elkarrizketen berri izan dutenek azpimarratu dutenez, proposamena baztertua izan zen, Europako herrialde «funtsezko batzuei», bereziki Frantziari eta Alemaniari, ez zitzaielako «oso errealista» iruditu. Europar Kontseiluan hitz egin zuten Palestinako gatazkan Egiptok joka dezakeen rolaz, bai, baina adostu zuten laguntza humanitarioaren esparrura mugatuko dela hori. Rafahko pasabidea, hain zuzen, Egiptoren eta zerrendaren arteko mugan dago. «Netanyahuk behin baino gehiagotan esan zuen irtenbidea zela egiptoarrek Gazako herritarrak onartzea; gutxienez, gatazkak iraun bitartean», adierazi dio EBko diplomazialari batek Financial Times-i. «Baina ez genuen oso serio hartu, Egiptoren jarrera oso argia delako eta izan delako». NBE Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, joan den urriaren 7an Hamasek Israeli egindako erasoaren erantzun gisa Tel Avivek lur eta aire bidez hasi duen setioak 1,4 milioi barne desplazatu eragin ditu zerrendan; hau da, han zeuden herritarren ia bi heren. «Ez dugu baimenduko ezer inposatzea», esan du Madbulik, Sinai penintsulan egin duen agerraldi publiko batean. Hain justu, Sinaiko lurrekin egiten du muga Gazak, eta Kairok uste du errefuxiatuak hartzeak ez duela lagunduko duela hamarkada bat ingurutik penintsula horretan EI Estatu Islamikoaren adar batekin dituzten borroken konponbidean. Palestinarrak hartzeari uko egiteko beste arrazoi bat da Egiptok historikoki uko egin diola errefuxiatuen kanpalekuak edukitzeari. Eta hirugarren arrazoia da abenduaren 10ean presidentetzarako hauteskundeak egingo dituztela, Al-Sisi aurkeztekoa dela, eta, agian, errefuxiatuei bidea irekitzeak ez liokeela mesede egingo. Iran, Qatarren eta Turkian Diplomaziaren alorrean, gainera, Irango Atzerri ministro Hosein Amir Abdolahianek Palestinako auziaz hitz egiteko bidaia bat hasi du gaur eskualdean. Qatarko agintariek jakinarazi dute Tamim bin Hamad Al-Thani emirrarekin batzartu dela, eta Turkiako Atzerri ministro Mevlut Çavusogluk baieztatu du bihar harekin biltzekoa dela, Ankaran. Iranek Israel du etsairik behinena Ekialde Hurbilean, eta Hamasen zuzendaritza zibilak bulego bat du Dohan. Gazako miliziek joan den urriaren 7tik bahituta dauzkaten 240 pertsonak —datu hori eman du gaur Tel Avivek— askatzeko ahaleginean, Hamasen eta Israelen artean bitartekari aritzeko eskatu dio Qatarri; Turkiak ere ez dio uko egiten rol horri.
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234620/israelen-eta-gazaren-arteko-su-eten-bat-eskatzeko-manifestazioak-eginen-dituzte-euskal-herrian-asteon.htm
Mundua
Israelen eta Gazaren arteko su eten bat eskatzeko manifestazioak eginen dituzte Euskal Herrian asteon
Baionan, larunbat honetan eginen dute mobilizazioa,16:00etan. Bestalde, azaroaren 7an, Euskal Herriko udaletxe guztien aurrean elkartzeko deia egin dute.
Israelen eta Gazaren arteko su eten bat eskatzeko manifestazioak eginen dituzte Euskal Herrian asteon. Baionan, larunbat honetan eginen dute mobilizazioa,16:00etan. Bestalde, azaroaren 7an, Euskal Herriko udaletxe guztien aurrean elkartzeko deia egin dute.
Beste bi deialdi zabaldu dituzte euskal herritarrentzat, Palestinarekiko elkartasunez. Baionan, «gizarte zibileko ordezkariek» egin dute deia: Euskaldunen plazan elkartuko dira, larunbat honetan, 16:00etan. Datorren asteartean, bestalde, Gernika-Palestina kolektiboak Euskal Herriko udaletxeen aitzinean biltzeko deia egin du, 19:00etarako. Gernika-Palestina Deialdi Herritarra kolektiboak zabaldu du heldu den astearterako deia, eta «ontzat» jo du urriaren 21ean Donostian egindako manifestazioa. Egoeraren larritasunaren aitzinean, ordea, uste dute «Gernika-Palestina Deialdi Herritarrari eutsi behar zaiola, proposatutako parametroetan: su-etena, korridore humanitario seguruak eta irtenbide negoziatua, Palestinaren autodeterminazio eskubidea errespetatuz». Ildo beretik, Ipar Euskal Herriko hainbat jende ezagunek adierazi dute «min handiz» ikusten dutela «zibilak bereizi gabe kolpatzen dituen bortizkeria». Horren harira, «sarraskia geldiarazteko, jendarte zibilaren tresna mobilizazioa» dela uste dute. Salatu dute Frantziako Gobernuak Palestinarekiko elkartasunezko protestak debekatu izana. Ipar Euskal Herrian egin duten deialdian, bestalde, «bake prozesu» baten alde egin dute. «Jendarte zibileko kide garen heinean, ezin gara gelditu eta ez dugu nahi besoak gurutzaturik gelditu. Gernikako bonbardaketaren eta Aieteko adierazpenaren arteko bidea luzea izan bada ere, Euskal Herrian ikasi dugu bake prozesu bat beti posible dela. Ekialde Hurbilean, hau bortizkeriaren arintze batetik pasa daiteke eta hala izan beharko luke», erran dute. Hala, bi deialdietarako eskakizun berak egin dituzte. Hauek dira: berehalako su etena, eraso guztien amaiera eta zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea; Gazako zerrendaren setioa eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxua bukatzea eta laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea; herritar palestinarrek eta israeldarrek bakean bizitzeko eskubidea izatea; konponbide baketsu eta negoziatua lortzeko deia egitea nazioarteko komunitateari; eta elkarrizketa prozesu bat abiatzea, «bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu». Horretarako, erran dute «nahitaezkoa» dela «okupazioari amaiera ematea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea».
2023-10-31
https://www.berria.eus/albisteak/234621/gipuzkoako-udal-eta-foru-langileek-oldarraldia-gelditzeko-eskatu-dute.htm
Gizartea
Gipuzkoako udal eta foru langileek oldarraldia gelditzeko eskatu dute
LAB sindikatuak salatu du euskararen aurkako epaiek Gipuzkoako Foru Aldundiko eta udaletako langileen hizkuntza eskubideak ere urratzen dituztela.
Gipuzkoako udal eta foru langileek oldarraldia gelditzeko eskatu dute. LAB sindikatuak salatu du euskararen aurkako epaiek Gipuzkoako Foru Aldundiko eta udaletako langileen hizkuntza eskubideak ere urratzen dituztela.
LAB sindikatuak bat egin du euskararen aurkako oldarraldi judiziala salatzeko eta herritarren eskubideak defendatzeko larunbatean egitekoak diren manifestazioarekin, eta, Euskalgintzaren Kontseiluaren deialdia babesteko helburuarekin, protestak antolatzen ari da Euskal Herriko zenbait tokitan. Gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean elkarretaratze bat egin dute Donostian aldundiko, Donostiako Udaleko eta Uliazpi fundazioko langileek, LAB sindikatuak deituta. «Eskubide urraketa bat ikusten dugu, eta etortzen ari den oldarraldiarekin ez gaude ados. Gelditzeko eskatzeko bildu gara hemen», adierazi du Edurne Lizaso foru langileak, sindikatuaren izenean. Nabarmendu du euskararen normalizazioaren aurkako epaiek «zuzenean» eragiten dietela udal eta foru langileei; bereziki, hizkuntza eskakizunen alorrean. «Guk, langile bezala, ikusten dugu gure hizkuntza eskubideak ez daudela bermatuta, ez zaigulako zeharo inguru euskaldun bat sortzeko aukerarik ematen. Gainera, herritarrek administrazioarekiko izan dezaketen harremana eta arreta ez daukate bermatuta», gaitzetsi du. Horregatik, «babesa» helarazi dio LABek, berriro, larunbatean Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat lelopean egingo duten manifestazioari. Donostiakoa ez da protesta bakarra izango; datozen egunetan protesta gehiago egitekoak dira: etzi, bi protesta egingo dituzte, bat Laudioko udal langileek, eta bestea Barakaldokoek. Azaroaren 3an izango da azken protesta. Hezkuntzako langileek egingo dute, Iruñean, Hezkuntza Departamentuaren aurrean. Euskararen aurkako epai esanguratsuenetako bat aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioko lan eskaintza publiko baten aurka egindakoa da, eta gaur Gipuzkoa plazan egon dira fundazioko hainbat langile ere. «Hainbeste sententzia egon dira, bata bestearen atzetik... Nik uste dut segurtasun falta sortzen ari direla gure hizkuntza eskubideen inguruan. Hemendik aurrera ea zer gertatzen den», esan du Jon Txaskok; Uliazpiko zaintzaileetako bat da, eta LABeko kidea. Epaitegien zain Uliazpiko epaia martxoan ebatzi zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Haren arabera, legez kanpokoa da euskararen ezagutza aintzat hartzea Uliazpin 34 lanpostu betetzeko oposizioan. «Oposizioa atera zuten pertsonak une honetan txikituta daude. Pentsatzen dute agian denborarekin gauzak bideratuko direla, baina beldur horrekin daude: beti ezpata beraien gainean», esan du Txaskok. Aldundiak kasazio helegitea jarri zion epaiari, eta ebazpenaren zain daudela adierazi du LABeko kideak. Donostiako Udaleko langileak ere egon dira elkarretaratzean. LABeko ordezkari Joseba Alvarezek nabarmendu du Euskara Lege berri bat «beharrezkoa» dela, «atzerapausorik egon ez dadin». Udaleko ELA sindikatuko kideak ere izan dira protestan.